Haurdun egonda kaleratze bati aurre egin beharra, langile askoren ohiko kezketako bat da.
Gaur egun ere ohikoa da enpresa batzuek haurdun dauden emakumeak ez kontratatzea edo haurdunaldiaren ondorioz edo amatasunaren ondoren kaleratzea.
Litekeena da seme-alaba bat izatea planteatzen aritzea eta zure lanean gerta daitekeenaren beldurrak geldiaraztea, batez ere enpresan denbora gutxi badaramazu.
Ama izatea beti da zoriontasun arrazoi, baina ama askorentzat ilusioz beterikko esperientzia hau infernu bihur daiteke lan-esparruan, bai enpresaren aldetik errepresaliak jasaten dituztelako, bai haurdunaldiaren ondorioz kaleratze bati aurre egin behar diotelako.
Emakumearen eskubideetan adituak garen abokatu bezala, bi gomendio egiten dizkizugu:
- Zure nahia bada, ez uko egin ama izateari, lana galtzeko beldurrez: legeak babestu egiten zaitu eta zure alde dago.
- Enpresa askok emakumeen lan-eskubideak urratzen dituzte haurdunaldietan; horregatik, haur baten esperoan bazaude, ondo ezagutu behar dituzu, kaleratzen bazaituzte, dituzun eskubideak.
Emakumea bazara eta haurdun zaudela edo amatasunaren ondoren kaleratzen baten aurrean aurkitzen bazara, Eme Abokatuak-en lagun zaitzakegu: emakumeentzako Lan Zuzenbidean adituak gara, eta, gainera, zu bezala: langileak eta amak.
Haurdun dagoen emakume bat kaleratzea legezkoa al da?
Haurdun dagoen emakume bat kaleratzea, nulua edo erabat deuseza da, beti ere, kaleratzearen arrazoia haurdunaldia denean, eta diskriminatzailetzat hartzen da, beraz, EZ da legezkoa.
Lan-arloko legeek, oro har, haurdunaldia edo amatasuna bezalako egoerak babesten dituzte, baina horrek ez du esan nahi, haurdunaldian oinarri ez duen beste arrazoi batean oinarriturik, kaleratu ezin zaituztenik: kaleratzea baliogabea izango da, beste arrazoi batzuetan oinarritu eta hauek frogatutzat harturik, bidezkoa dela deklaratzen ez bada.
Beste era batera esanda, kaleratzea justifikatzen duen arrazoirik badago, haurdunaldiarekin inongo zerikusirik ez duenik, kaleratu zaitzakete, baina arrazoia haurdun egotea bada, orduan baliogabea (“nulo” erderaz) izango litzateke.
Haurdunaldiaren berri eman behar diot nire enpresari?
Baliteke erantzunak harritzea, baina EZ duzu zure haurdunaldia enpresari jakinarazteko betebeharrik: kaleratzea berdin-berdin baliogabea izango litzateke, zure eskubideak babestuta daudelako, haurdunaldia jakinarazi baduzu ala ez.
Hobe al da enpresari jakinaraztea?
Erantzuna zure esku egongo da, baina gure gomendioa da jakinaraztea, garrantzitsua baita, adibidez, haurdunaldiko arriskuagatiko baja eskatu behar baduzu.
Kaleratze deusezaren kasuan (nulua deklaratzean) ere abantaila bat suposatzen du komunikatu izanak, izan ere, kalte-ordaina eska baitezakezu, eta haurdunaldia jakinarazi ez badiozu enpresari, zailagoa da Auzitegi batek kalte-ordain hori aintzatestea.
Zentzu horretan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2021eko ekainean emandako epai batek kaleratze bat baliogabea edo nulua zela onartu zuen, baina ez kalte-ordaina zegokionik, enpresak ez baitzuen langilearen haurdunaldi-egoeraren berririk.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren beste epai batek, 2021eko ekainekoa hori ere, 6.252 euroko kalte-ordaina eman zion langileari, bere oinarrizko eskubideak urratzeagatik, kaleratzea baliogabetzat jotzeaz gain, diskriminatzailetzat jo zuelako, enpresak haurdunaldiaren berri baitzuen.
Zer egingo dut borondatezko baja aurkezteko presioa egiten badidate?
Ez da lehen aldia, euren lanpostuetan presioa jasaten duten emakume haurdunen testigantzak entzuten ditugula, beren borondatezko baja aurkeztera behartzen saiatzen baitira enpresaburu asko.
Haurdun egoteagatik ere posible da lanbide-kategoria bereko beste lankide batzuekiko desberdintasunak jasatea.
Kasu horietan ere Legeak babesten zaitu: erabaki horiei aurre egin edo kontratuaren amaiera kalte-ordaindua eskatzea baloratu dezakezu.
Haurdunaldia eta aldi baterako kontratuak
Beste kasu eztabaidagarri bat aldi baterako kontratu bat duzunean gertatzen da, eta ez dizutenean berritzen haurdun zaudelako.
Zer gertatzen da kasu horietan?
Kasuan kasu aztertu beharko litzateke.
Printzipioz, kontratuaren arrazoia amaitzen denean amaituko da aldi baterako kontratua.
Demagun, denda batean hiru hilabetez kontratatzen zaituztela merkealdi garairako, beste bi pertsonekin batera.
Denboraldia amaitzen denean, haurdun bazaude ere, kontratua ez berritzea, ez litzateke kaleratze baliogabea izango; izan ere, kontratua ez berritzea ez legoke kasu horretan haurdunaldiari lotuta, kontratuaren behin-behinekotasunari baizik.
Baina aldiz, merkealdien ondoren dendak aldi baterako kontratatutako hiru pertsonekin jarraitzea behar badu eta biri kontratua berritzen diete, baina zuri ez, kasu honetan BAI, kaleratze deuseza izango litzateke: zure lankideekiko diskriminazioa dago, kontratua berritu ez dioten bakarra zarelako.
Gauza bera gertatuko litzateke aldi baterako kontratua berritzen EZ badizute, baina enpresak beste pertsona bat kontratatzen du zure lanpostu bera betetzeko.
Haurdunaldiagatiko beste diskriminazio-kasu batzuk badaude, hala nola, kontratua amaitzea bere xedea edo aldi baterako arrazoia amaitu aurretik, haurdun egoteagatik, edo zure probaldia ez gainditzea arrazoi hau dela eta.
Emakumearen eskubideetan adituak garen abokatu bezala, legezko laguntza bilatzea gomendatzen dizugu, zure kasuan zer egin dezakezun eta kaleratze baliogabeagatik erreklamatu ahal duzun jakiteko.
Ama izan ondoren, kaleratu nazakete?
Ama askoren kezka arrazoi bat, amatasunaren ondoren, kaleratuko ote duten beldurra da.
Kasu horretan, legeak amatasuna eta edoskitzea ere babesten ditu, haurdunaldian bezala.
Beraz, haurra erditu eta lanera itzuli ondoren kaleratzen bazaituzte, kaleratzea baliogabea izango da haurdunaldian gertatzen den bezala.
Legez daukazun babes hori, haurdun geratzen zarenetik zure haurra jaio eta 12 hilabetera arte aitortzen zaizu, eta ondoren ere luzatzen da:
- Hiru urtetik beherako seme edo laba zaintzeko eszedentzia eskatzen baduzu,
- Edo baita ere, lanaldi-murrizketa eskatzen baduzu, haurrak 12 urte bete arte izan dezakezuna.
Horrek esan nahi du, amatasunagatik kaleratzen bazaituzte, bai haurdunaldian zehar edota ondoren, kaleratze hori beti izango dela baliogabea.
Zer egin behar dut haurdun egonda edo amatasunaren ondoren kaleratzen banaute?
Emakumeen eskubideetan adituak garen abokatu gisa, gomendatzen dizugun lehenengo gauza da informazio legala jasotzea, zure interesei kalte egin diezaiekeen akatsik ez egiteko.
Zer jakin behar duzu kaleratze-gutun bat jasotzen baduzu?
- Kaleratze-gutuna eta likidazio edo kitapena ematen dizkizutenean, saia zaitez emandako guztiaren kopia batekin geratzen, eta profesional batengana jo aholkua jasotzera, inolako dokumenturik sinatu gabe, edo, gutxienez, sinatzen baduzu, ipini alboan ados ez zaudela.
- Ahal duzun guztietan, bilatu zure lana baldintza egokietan egiten ari zinela egiaztatzen duen dokumentazioa enpresatik alde egin aurretik.
- Zoaz berehala abokatu espezialista batengana zure kasuaz arduratzera, kaleratzea aurkaratzeko 20 egun baliodun dituzulako, jakinarazten dizuten egunetik zenbatzen hasita.
Prozedura adiskidetze-orria aurkeztuz hasten da (“papeleta de conciliación” deritzona gazteleraz), kaleratzea aurkaratuz eta deuseztasuna eskatuz.
Baliteke enpresak zurekin akordio batera iritsi nahi izatea.
Zure abokatuak gomendatuko dizu zer den onena zuretzat: zure enpresarekin akordio batera iristea edo epaileak kaleratzea baliogabea izan den ala ez erabakitzea.
Zure interesetarako egokia ez bada edo akordio batera iristea ezinezkoa bada, hurrengo urratsa lan-arloko epaitegietan demanda aurkeztea da.
Epaiketa egin ondoren, epaileak epai edo sententzia bat ematen du, kaleratzea deuseza den ala ez erabakiz, horrek dakartzan ondorio guztiarekin.
Haurdun egoteagatiko edo amatasunaren ondorengo kaleratze deusezaren ondorioak
Epaileak zure kaleratzea deuseza deklaratzen badu, enpresak zure lanpostura itzuli behar zaitu, kaleratua izan aurretik betetzen zenituen baldintza berberetan.
Gainera:
- Kaleratze unetik, lanera itzuli arte ordaindu ez dizkizuten soldatak ordaindu behar dizkizute, izapidezko soldatak edo gaztelaniaz, “salarios de tramitación” izenez ezagunak.
- Denbora horretako Gizarte Segurantzako kotizazioak ere gehitu behar zaizkio aurrekoari (kaleratzetik zure lanpostura itzuli arte).
- Askotan, kalte-galeren ordaina ere eska daiteke.
Emakumearen eskubideetan adituak garen abokatu bezala, guk ere zure interesak babesten ditugu.
Gure ustez, lana ezin da ama izateko oztopo izan, eta are gutxiago kaleratze baten arrazoi bilakatu.
Horregatik, behar duzun edozein kontsulta egin diezagukezu, eta auzitegietara jo behar baduzu, judizialki defendatuko zaitugu.
Nahi baduzu, Eme Abokatuak-en jar zaitezke gurekin harremanetan eta zure istorioa konta diezagukezu inolako konpromisorik gabe.