Filosofia
“M Abokatuak” edo “eme(a)bokatuak” abokatuen sare gisa eratu gara 2021ean, helburu amankomun batekin: emakumeen eta haurren (baita nerabeen) eskubideak defendatzea eta eskubide horien lorpenean urratsak ematea. Gizartean eta, batez ere, arlo juridikoan atzemandako hutsune garrantzitsu bat betetzen saiatu nahi dugu.
Gure logotipoak gure filosofia ongi adierazten du
M letra
Erdarazko “Mujer” edo Madre” hitzak gogorarazteaz gain, euskaraz badu bere esanahi propioa, “Eme” edo emea, femeninoari dagokio, gizakietan emakumeari. “Ama” eta “Ume” hitzek ere euren bihotzean (erdian) daramate hizki hori, hots, defendatzen ditugun kolektiboak.
Urdin kolorea
Honekin, estereotipoak apurtu nahi ditugu, baina aldi berean, urdin-bioleta kolorearen antzekoa da erabilitakoa; bioletarekin feminismoari keinu eginez.
Zirkulu edo borobila
Honek, forma femeninoak ordezkatzen ditu, kurbak, forma leunak, karratu eta “kuadrikulatuaren” aurka, hau da, zure beharretara egokituko gara irtenbiderik egokiena aurkitzeko.
Tximeleta txuria
Zorte onaren eta babesaren ikurra da eta kasu honetan eraldaketa irudikatu nahi du, berdintasun eza, injustizia eta mina, berdintasun errealaren bidean eskubideen lorpen bihurtu daitezen lanean jardungo baitugu, harra tximeleta eder bat bihurtzen den gisara. Eta horretaz gain, lore bat ere bada, hau da, landareen ugalketa organo femeninoa, amatasunaren eskubideak aldarrikatuz: ama eta haurrenak. Baita desira horretan zailtasunak dituztenenak eta orohar, sexu eta ugalketa eskubideak irudikatzen ditu.
Ezkerrean kokatzea ez da kasualitatea, eskubide sozialetan aurrera pausuak emateko dugun nahia adierazten du, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babestearekin bat.

Amak, alabak, langileak… gara,
Badakigu zer axola zaizun eta gertatzen zaizun hori ere baliteke guk geuk bizi izana, beraz, zure tokian jarriko garela, zalantzarik ez izan.
Aldi berean, aipaturiko sarea osatzen dugun abokatuok ibilbide luzeko profesionalak gara (egiazta daitekeena), zuzenbidearen hainbat arlotan jarduten dugunak: lan arloa, zibila (familia), penala, osasun zuzenbidea, etab. Esperientzia eta prestakuntza dugu generoaren eta berdintasunaren ikuspegian, eta aipaturiko kolektiboen eskubideen defentsan jarduten duten Erakunde ezberdinekin elkarlanean dihardugu.
Emakumeari eta gehien axola zaionari, hau da, haurrei eta nerabeei, laguntza juridiko integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzeko elkartu gara.
Beraz, aholkatu eta laguntza eman nahi dizugu behar duzun guztian, modu hurbilean eta eskuragarrian.