Gaur egun, zoritxarrez, ugaritu egin dira Internet, sare sozial edo beste bitarteko batzuen bidez egiten diren delituak, hau da, tresna teknologiko edo telematikoen bidez gauzaturikoak, gainera hauek, tamalez, neurri handiagoan eragiten diete emakumeei, haurrei eta nerabeei. Jarraian, zertzelada labur batzuk eskainiko ditugu horietako batzuei buruz: childgrooming, sexting, stalking eta stealthing. Gure asmoa, kontzeptu batzuek argitzea da, horrelako delituetan gehiegi sakondu gabe.
Zer da Childgrooming?
Auzitegi Gorenaren arabera, ingeles jatorriko termino honek esan nahi duena da: haur edo nerabe bati Internet bidez sexu-jazarpena edo/eta abusuak egin nahi dizkion heldu baten ekintza.
Delitu-mota honetan gehiegi sakondu gabe, ezta bere jatorrian ere, delitu honek burututzat jotzeko eskatzen dituen oinarrizko elementuak ezagutuko ditugu. Zigor Kodean (aurrerantzean, ZK) 183 ter 2 artikuluan aurreikusten den moduan (gaztelaniaz):
2. El que a través de internet, del teléfono o de cualquier otra tecnología de la información y la comunicación contacte con un menor de dieciséis años y realice actos dirigidos a embaucarle para que le facilite material pornográfico o le muestre imágenes pornográficas en las que se represente o aparezca un menor, será castigado con una pena de prisión de seis meses a dos años.
Laburbilduz, tipo edo delitu honek, gauzatutzat jotzeko, honako hau baino ez du eskatzen:
- Adingabearekin kontaktua izatea, teknologia berrien bidez.
- ZK-ren 183. eta 189. artikuluetako delituetako edozein egiteko topaketa bat proposatzea berarekin.
- Eta proposamenarekin batera, hurbiltzera bideratutako ekintza materialak egitea.
Errealitatean, ekintza aniztasuna eskatzen du. Ez du eskatzen adingabearen sexu-ukigabetasunari eragiten dioten sexu-izaerako ekintzak betearaztea; izan ere, ekintza horiek egonez gero, modu independentean zigortuko lirateke. Kasu horretan, ez ginateke delitu honen aurrean egongo, edo honen aurrean bakarrik.
Babestu nahi duena, hau da, babestutako ondasun juridikoa: hamasei urtetik beherakoen sexu-ukigabetasuna da, haiek izango baitira delituaren subjektu pasiboak. Subjektu aktiboa heldu bat izango da, eta ZK-ren 183. eta 189. artikuluetako edozein delitu egiteko borondatea adieraziko du, hau da, 16 urtetik beherakoei abusuak eta sexu-erasoak, adingabeen prostituzioa, esplotazioa eta baita, galbideratzea ere (“corrupción de menores”, deritzona, gaztelaniaz).
Delitu honen beste ezaugarri bat da kontaktua bitarteko teknologikoen bidez ezarri behar dela, hau da, Internet, telefonoa, wifia, bluetooth aplikazioak, etab.
Azken batean, “Groomerrek” profil faltsuak sortzen dituzte sare sozialetan edo antzeko txat-plataformetan eta pertsonaia bat asmatzen dute, adingabearekin konfiantzazko harremana sortzeko eta sexualki esplizitua den edukia eskatzeko. Eduki sexualeko argazkiak eta bideoak dira ekintzarako bide nagusia. Askotan, behin biktimak materiala engainuen bidez partekatzea erabakitzen duenean, “Groomer” delakoak xantaia egiten dio adingabeari, bere argazkiak eta bideoak argitaratuko dituela mehatxu eginez, halako eduki gehiago entregatzen ez badu edo topaketa pertsonal bati uko egiten badio. Topaketa fisikoa gertatzen bada, jazarpen moral batean ondorioztatu daiteke, edo zerbait okerragoa, bortxaketa bat, adibidez, eta hori beste delitu batzuekin batera aztertu beharko litzateke (“konkurtsoan”). Ildo horretatik, interesgarria da Auzitegi Gorenaren martxoaren 21eko 174/2017 epaia, “SENTENTZIAK eta ALBISTEAK” atalean aurki dezakezuena.
Sententzia edo epai horrek sexting delitua ere aipatzen du…, baina zer da sexting-a?
Berriz ere, ZK-ra joko dugu, zigorra merezi duen jokabidea zein den jakiteko. Horrela, ZK-ren 197. artikuluaren zazpigarren aatalean aurkitzen da, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezartzen zaiolarik (gaztelaniaz):
“al que sin autorización de la persona afectada, difunda, revele o ceda a terceros imágenes o grabaciones audiovisuales de aquélla que hubiera obtenido con su anuencia en un domicilio o en cualquier otro lugar fuera del alcance de la mirada de terceros, cuando la divulgación menoscabe gravemente la intimidad personal de esa persona”.
“Zabaltzeari” dagokionez (“difundir” gazteleraz), pertsona askori zabaldu edo hedatzearen sinonimo gisa interpretatu behar da; aldiz, “Errebelatzea edo uztea” (“revelar o ceder” gaztelaniaz) mugatuagoa da (pertsona bakar bati), otsailaren 24ko 70/2020 Auzitegi Gorenaren epaiak (“SENTENTZIAK eta ALBISTEAK” atalean eskuragarri dagoena) azaltzen duen bezala.
Kasu honetan, babestu nahi den ondasun juridikoa intimitaterako eskubidea da, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan jasotakoa, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea bermatzen duena.
Horregatik, zigortzen den jokabidea irudi intimoak baimenik gabe zabaltzean datza, hau da, litekeena da irudiak onespenarekin hartu izana, baina ez egotea baimenik zabaltzeko, eta, ondorioz, intimitatea larriki kaltetzea.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak (3/2017 Zirkularra) adierazi du, ez dela beharrezkoa sexu-konnotazioak dituzten irudiak edo grabazioak izatea, intimitateari buruzkoak baizik (adibidez: egoera ekonomikoa, gaixotasuna, etab.). Auzitegi Gorenaren 70/2020 epaia, otsailaren 24koa (eskuragarri dago, “SENTENTZIAK eta ALBISTEAK” atalean adierazi dugun bezala), zentzu berean mintzo da, eta adierazten du ez dela behar-beharrezkoa sexu-izaerako irudien hedapena, jokabide tipikoa identifikatzeko, nahiz eta hori izan gehien nagusitzen den kasua, sexu-esfera baita intimitatearen adierazpen garrantzitsuenetako bat, baina ez bakarra.
Egileari dagokionez, biktimaren onespenarekin haren irudiak edo grabazioak lortu dituena da, eta, ondoren, eduki hori zabaldu, ezagutarazi edo hirugarrenei uzten diena, haren baimenik gabe. “Sexting” edo “revenge porn” adibide ohikoa da, pertsona batek bere bikotekide ohiarengandik mendeku hartzen du, bere baimenik gabe, eta hirugarrenek ikusteko hartu ez ziren, bere esparru intimoeneko irudiak zabalduz.
Baina, zer gertatzen da irudi horiek jasotzen dituen hirugarren batek birbidaltzen baditu? Fiskaltzaren zirkular horren arabera, jokabide horiek zigortzeko, printzipioz, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko 1/1982 Lege Organikoan aurreikusitako mekanismoak baino ezin dira erabili.
Hala ere, zehaztu du aintzat hartu beharko litzatekeela ZK-ren 173.1 artikuluan aipatzen den osotasun moralaren aurkako delitu bat egiteko aukera, 197.7 artikuluko jokabidearekin zerikusirik ez duen arren, eduki konprometitu horiek, gerora hirugarrenei transmititzen dizkietenek, hedapen hori interesdunaren baimenik gabe gauzatzen ari dela, eta horrek, edukien izaera bereziari eta inguruabar moralari erreparatuz, kalte larriak eragin ditzakeela, jakinda.
Zein da zigor-mota horren eta “sextortsioa” delakoaren arteko aldea?
Sextortsioan edo sexu-estortsioan, eduki erotikoa duen irudi edo bideo batekin zerbait lortu nahi duen beste pertsona batek xantaia egiten dio biktimari. Hau da, kasu horietan, helburua ez da eduki sexual hori zabaltzea, baizik eta hedapen horren mehatxuaren biktima, norbaitekin sexu-harremanak izateko, irudi erotiko edo pornografiko gehiago lortzeko, edo dirua edo beste ordainen bat ematera behartzea da helburu, xantaiagilearen eskakizunak betetzen ez baditu, jatorrizko irudiak zabaltzeko mehatxupean.
Sextortsioa nahiko praktika berria da, eta ez du erregulazio zehatzik ZK-an. Babestutako ondasun juridikoa ez da bakarra, alde batetik askatasuna eta intimitatea babesten baitira, eta, bestetik, biktimaren sexu-askatasuna eta -ukigabetasuna, sexu-edukia ezinbestekoa baita delitu honetan. “SENTENTZIAK eta ALBISTEAK” atalean uzten dugu delitu hori kondenatu zuen Auzitegi Gorenaren lehen epaia, hots, Auzitegi Gorenaren uztailaren 23ko 377/2018 epaia.
Eta “stalking” izeneko delitua?
Hau ez da, berez, delitu informatiko bat, edo baliabide teknologiko edo telematikoak erabiltzen diren delitu bat. Ingelesetik itzulita esan nahi du: jazarpen ez-legitimoa edo gaztelaniazko “hostigamiento”. Jokabide horren bidez, jazarpena eragiten duen subjektuak, jarduera obsesibo horren ondorioz, tratu txarrak jasaten dituen biktimaren askatasuna mugatu egiten du, ohiturak edo ohiko jardunak baldintzatuz, hori izanik biktima horrentzat, hain zuzen, itomen edo kontrol sentsazioa arintzeko modu bakarra. Hala garatu zuen Auzitegi Gorenaren maiatzaren 8ko 324/2017 epaiak (“SENTENTZIAK eta ALBISTEAK” atalean kontsulta daiteke), delitu hau aztertzen lehena, ZK-ren 172 ter artikuluan aurreikusita dagoena.
Kasu horietan babestutako ondasun juridikoa askatasuna da, baita segurtasuna ere, hau da, biktima babestea, bere askatasuna edo segurtasun-sentimendua kaltetzen duten jokabideen aurrean. Auzitegi Gorenaren uztailaren 12ko 554/2017 epaiak aitortzen duenez, lasaitasunez eta larritasunik gabe bizitzeko eskubidea da babesten dena, beldurra edo eragozpen hutsa ez delarik nahikoa delitu honen aurrean gaudela baieztatzeko.
Beraz, ondoriozta dezakegu beste ondasun juridiko batzuk babestu nahi direla, hala nola, lasaitasunerako eta sosegurako eskubidea, azken finean, pertsonaren segurtasuna. Gainera, eragin ditzakeen beste ondasun juridiko batzuez gain, ZK-ren 172 ter artikuluaren 3. paragrafoak honako hau ezartzen du: ”las penas previstas en este artículo se impondrán sin perjuicio de las que pudieran corresponder a los delitos en que se hubieran concretado los actos de acoso”. Hau da, “Stalking” delituaren bidez, ohorerako, intimitaterako edo osotasun moralerako eskubideak ere kaltetu daitezke.
Delitu honen ohiko jokabidea honako hau izango litzateke: biktima zelatatu, jazarri edo biktimaren hurbiltasun fisikoa bilatzea; berarekin harremanetan jartzea edo harremanetan jartzen saiatzea, edozein komunikazio bideren bitartez edo hirugarrenen bidez; biktimaren datu pertsonalak behar ez bezala erabiliz produktuak edo salgaiak erosteko, zerbitzu-kontratua egitea edo hirugarren pertsonak biktimarekin harremanetan jartzea; biktimaren edo honen hurbileko pertsonen askatasunaren edo ondarearen aurka eginez.
Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak, delitu mota honen ezaugarriak deskribatzen ditu, funtsean: jarduera temosoa, iraunkorra, gogaikarria gainditzen duena; eta denboran behin eta berriz egin eta errepikatzen dena. Lehen aipatutako jokabideetatik datorren jazarpenak, biktimaren eguneroko bizitzan asaldura larria eragin behar du, biktimaren ohiko jardunak, ohiturak, errutinak edo bizimodua aztoratzen dituena. Aipatu behar da azkenik, ZK-ren 172 ter artikuluaren 2. Atalak delitu honen larriagotzea aurreikusten duela genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren kasuetan (Auzitegi Gorenaren uztailaren 13ko 770/2006 epaia).
Eta azkenik, Stealthing?
Adostutako sexu-harreman batean preserbatiboa kentzean datza, bikotekideak jakin gabe, hau da, konturatu gabe. Ez dago ZK-an araututa, eta eman den epai bakarrak ekintza hori ZK-ren 181.1 artikuluan kokatu du. Artikulu horrek ezartzen duenez (gaztelaniaz),
“el que, sin violencia o intimidación y sin que medie consentimiento, realizare actos que atenten contra la libertad o indemnidad sexual de otra persona, será castigado, como responsable de abuso sexual, con la pena de prisión de uno a tres años o multa de dieciocho a veinticuatro meses”.
Hau da, sexu-abusutzat jotzen da, indarkeriarik edo larderiarik (gazteleraz “intimidación” deitzen dena) ez dagoela uste baitu. Hala ere, delitu hori barne hartzen duen ekintzak, hau da, sexu-harreman batean kondoia kentzeak, berekin dakar gizonak baginan edo uzkian berehala sarketa bat burutzea (edo ahoan; edota gorputz-atalak edo objektuak lehenengo bi bideetako batetik sartzea), eta, beraz, 181. artikuluko lehen paragrafoa aplikatzea ez litzateke zuzena izango. Nahiz eta 155/2019 epaiak, Salamankako Instrukzioko Epaitegiarenak (2. sekzioa), 2019ko apirilaren 15ekoak (dagoen bakanetakoa), hala ulertu zuen.
Espero dugu azalpen hau lagungarria izatea, edozein zalantza izanez gero edo informazio gehiago behar baduzu, jarri gurekin harremanetan.