Artículos de interés

3. Zatia. Nire erditzean egon den arduragabekeria mediko posiblea, erreklamatu dezaket? Eta nola?

May 4, 2021 | Blog

3. zatia: noiz jo behar da arlo Penalera?

 

Gai honi buruz kontsultatzen ari bazara, baliteke erditzean kalteak jasan izana, beraz, sentitzen dugu.

Hau “trilogia” baten azken zatia da, honen bidez zertzelada batzuk eman nahi izan ditugu erditzean izandako ustezko arduragabekeria edo negligentzia mediko baten aurrean nola jokatu azaltzeko. Lehen eta bigarren zatietan (I. zatia eta II. zatia) azaldu dugunez, argi utzi nahi izan dugu, kontzeptu horrengatik erreklamatu ahal izateko, nahitaezkoa dela kaltea gertatu izana.

III. zati honetan argitu nahi dugu zein kasutan arduragabekeria edo negligentzia mediko batek zigor arloan edo arlo penalean amaitu dezakeen, jurisdikzio hori desberdina baita. Zigor Kodean (aurrerantzean, ZK) tipifikatutako delitu baten aurrean gaudenean soilik jo daiteke jurisdikzio horretara. ZK-ak ondasun juridikoen urraketarik larrienak baino ez ditu arautzen, hala nola bizitza, osotasun fisikoa edo morala, etab. (gutxieneko esku-hartzearen printzipioa), eta jurisdikzio horretara jo daiteke soilik, beste modu batean (edo beste bide batetik) konpondu ezin diren urraketen aurrean gaudenean, zigor-zuzenbidea “ultima ratio” edo azken aukera baita.

Jokabide bat zigortzeko, ZK-an delitu gisa tipifikatuta egon behar du, eta, gainera, subjektu aktiboaren erruduntasuna eman behar da (doloa edo zuhurtziagabekeria); jokabide hori egitez (“acción”), zein ez-egitez (“omisión”) edo ez egite bidezko egitez (“comisión por omisión”) burutu daiteke eta emaitza bat eragin behar du, hau da, babestutako ondasun juridiko bat kaltetu (bizitza, osotasun fisikoa edo morala). Jokabidearen eta emaitzaren artean kausalitate-erlazioa eman behar da, lotura. Zigor-arloko jurisdikzioak, tipifikatutako jokabideak ikertzea eta ondorengo epaitzea barne-hartzen ditu.

Erruduntasuna, aipatu bezala, dolu edo zuhurtziagabekeria moduan ager daiteke. Doloa ez da oso ohikoa osasun-arloan, subjektuak zer egiten duen jakitea eta emaitza (kaltea) lortzea eskatzen baitu eta hori ez da arrunta osasun arloko profesionalengan. Zuhurtziagabekeria medikorik dagoen zehazteko, auzitegiek medikuak lex artis (I. eta II. zatian zehaztua) delakoaren arabera jokatu duen aztertuko dute. Zuhurtziagabekeria hori larria izan daiteke edo ez hain larria, zaintza-betebeharra haustearen intentsitatearen edo garrantziaren eta sortutako arriskuaren arabera neurtuko dena.

Osasun-langileek honako delitu hauek egin ditzakete (haurdunaldiari, erditzeari eta erditze ondoko inguruabarrei dagokienez): giza hilketa, lesioak, umekiaren lesioak eta abortua; edo sorospen-betebeharra ez betetzea.

Delituaren ondorioz kondenatua izan denak erantzukizun zibilaz ere erantzun beharko du, eragindako kalte-galerengatik. ZK-ak, zuzeneko erantzukizun zibilarekin batera, profesionalak bere jarduera garatzen duen zentro publiko eta pribatuen erantzukizun subsidiarioa ere aurreikusten du.

Kasu hauetan, preskripzioa delitu zehatz bakoitzari dagokiona izango da, Zigor Kodean xedatutakoaren arabera.

 


Zalantzarik izanez gero, kontsultatu gaitzazu. Eme Abokatuak, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, adituak gara Emakumeen eta haurren eskubideetan.

Harremanetan ipini