Artículos de interés

2. Zatia. Nire erditzean egon den arduragabekeria mediko posiblea, erreklamatu dezaket? Eta nola?

May 3, 2021 | Blog

2. Zatia: Erditzea Osasun sistema pribatuan izan bazen

 

Lehenik eta behin, sentitzen dugu benetan, zure erditzean arduragabekeria edo negligentzia jasan baduzu.

Erditzean izandako arduragabekeria medikoen aurrean erreklamatzeko moduari buruzko “trilogia” honen I. zatian aipatzen genuen bezala, arduragabekeria mediko batengatik erreklamatu ahal izateko, lehenik eta behin, kalte erreala, eraginkorra eta ekonomikoki neurgarria edo baloragarria egon behar da.

Horrelako kalterik ez badago, ez du esan nahi osasun-sistemaren arreta defizitario edo desegoki batengatik erreklamatu ezin dugunik, baina erreklamazio edo kexa soil bat jarriko da arreta eman zigun ospitalean, Osasun Zerbitzuan, Herritarren Defendatzailearen aurrean (Euskal Autonomia Erkidegoan, Arartekoa), edo lanbide-elkargoen aurrean, etab. Ez da beharrezkoa izango arlo juridikoan diharduten profesionalen esku-hartzea.

Arduragabekeria egon de kasuak erreklamatu ahal izateko, kaltea egoteaz gain, beharrezkoa da arreta eman duten profesionalek lex artis delakoaren aurka jardutea, hau da, medikuntzako profesionalak behar bezalako arduraz jokatzeko duten betebeharra, hots, euren funtzioak teknikaren, deontologiaren eta zentzu humanitarioaren arabera egitekoa, urratu izana.

Ondorioz, lex artis-aren aurkakoa dela egiazta daitekeen jarduketa batek eragindako kalteak badaude, hau da, lotura kausala ezar badaiteke, erreklamazioa egiteko oinarria izango genuke.

 

Erditzea osasun pribatuan gertatu bada, erantzukizun medikoa jurisdikzio zibilean erreklamatuko da, eta medikuaren, osasun-zentro pribatuaren edo aseguru-etxearen aurka egikaritu ahalko da. Baina, nola dakigu noren aurka zuzendu kalteen erreklamazioa?

Osasun aseguru bat kontratatuta dugun ala ez, horren arabera jakingo dugu. Hau da, asegurua dugun kasuan, aurretiazko harreman juridiko bat egongo litzateke, kontratu bat, aldeentzako eskubideak eta betebeharrak sortzen dituena, eta, beraz, erantzukizuna kontratuzkoa izango litzateke. Kasu horietan, aseguru-konpainiek erantzun egin behar dute kalte horiengatik (aseguru-entitateak, kondenatua bada, mediku zehatzaren aurka jo dezake). Akzioa egikaritzeko epea, bost urtekoa izango da.

Aurretiko harremanik ez bazegoen (ez dago osasun aseguru pribaturik, adibidez), harremana eragindako kaltetik sortzen da, eta erantzukizuna kontratuz kanpokoa da; kasu horretan, lex artis bete ez duenak erantzuten du, medikuak edo osasun-profesionalak izan daitezke, eta osasun-zentroek ere erantzuten dute (erantzukizuna zuzena da eta ez subsidiarioa, hau da, maila berean daude), profesional horiekiko duten hautaketa edo zaintza betebeharragatik. Kasu horretan, akzioa egikaritzeko epea urtebetekoa izango da.

Erreklamazioa, erantzukizuna deklaratzeko eta kalte-ordainak erreklamatzeko demandaren bidez hasten da, hau da, zuzenean epaitegian; eta prozedura arrunta edo ahozkoaren bideak jarraituko ditu, baldin eta zenbatekoa 6.000 eurotik gorakoa den ala ez.

Zenbateko edo kalte-ordain hori kalkulatzeko, zirkulazioko baremora jo ahal izango da. Baremo horrek izaera orientagarria du, eta ez da loteslea epailearentzat.

Azkenik, aditu edo perituen frogaren garrantzia aipatu behar da, zehazki, peritu medikoen txostena, osasun-profesionalen jarduna lex artis-aren araberakoa izan zen ala ez erabakitzen lagunduko duena.

 

Prozedura berbera da Osasun Pribatuaren eremuan edozein arduragabekeria edo negligentzia salatu nahi bada.

 


Zalantzarik izanez gero, kontsultatu gaitzazu. Eme Abokatuak, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, adituak gara Emakumeen eta haurren eskubideetan.

Harremanetan ipini