Artículos de interés

1. Zatia. Nire erditzean egon den arduragabekeria mediko posiblea, erreklamatu dezaket? Eta nola?

May 2, 2021 | Blog

1 zatia: Erditzea Osasun Publikoan izan bada

 

 

Ezer baino lehen, adierazi, sentitzen dugula; izan ere, gai honi buruz interesa baduzu, agian zure erditzean sufritu duzulako izango da eta.

Lehenik eta behin, argi utzi behar da erditzean gertatzen den jarduketa mediko oro ez dela arduragabekeria edo negligentzia medikoa (“negligencia médica” delakoa), nahiz eta deserosoa, mingarria edo are gehiago, traumatikoa izan emakumearentzat.ara la mujer.

 

Arduragabekeria medikoagatik erreklamatu ahal izateko, beharrezkoa da kaltea egotea eta hau erreala, eraginkorra eta ekonomikoki baloratzeko modukoa izatea.

 

Horrek ez du esan nahi osasun-sistemaren aldetik arreta defizitarioa edo desegokia jasotzeagatik erreklamatu ezin dugunik, baina lehen aipatutako baldintza horiek betetzen ez diren kasuetan, erreklamazio edo kexa arrunt bat aurkeztu ahalko da. Erreklamazio edo kexa hori, arreta eman zigun ospitalean, Osasun Zerbitzuan, Herritarren Defendatzailearen aurrean (Arartekoa, EAE-an) edo Elkargo Profesionaletan, aurkeztu dezakegu, besteak beste. Hauek prestatu eta aurkezteko, ez da beharrezkoa profesional juridikoek esku-hartzea (abokatuak, prokuradoreak, etab.).

Horiek alde batera utziz, arduragabekeria medikoengatiko erreklamazioetan ipiniko dugu arreta. Hauei dagokionez, erantzukizuna bide jakin batean eskatu beharko da (zibila, penala, administrazioarekiko auziena), eta zuzendu beharko zaio osasun-zerbitzuari edo bestela, osasun-profesional jakin batzuei, baldin eta erditzea osasun publikoan edo pribatuan gertatu den kontuan hartuta. Hori da aplikatu behar dugun lehen irizpidea eta hori da azalduko duguna artikulu hauetan (I. zatia, II. zatia eta III.a).

Nolanahi ere, erreklamatu ahal izateko, beharrezkoa izango da osasun-arloko profesionalek lex artis delakoaren aurka jardutea, eta zer da hori? Ba oso sinplea: medikuntzako profesionalek behar bezalako arduraz jokatzeko duten betebeharra; bere funtzioak teknikaren, deontologiaren eta zentzu humanitarioaren arabera egikaritzekoa.

Ondorioz, lex artis-aren aurkakoa dela egiazta daitekeen jarduketa batek eragindako kalteak badaude, hau da, lotura kausala ezar badaiteke, erreklamatu ahal izateko oinarria izango genuke.

Erditzea Osasun Publikoan gertatu bada, zentro publiko batek esku hartzen duen kasu guztiak bezala, jurisdikzio-eskumena administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokie, hau da, kaltea osasun-zentro publikoek eta haien zerbitzura dauden langileek eragin duten kasuetan (baita kaltea egitean subjektu pribatuek parte hartu badute ere). Baita zuzenean Administrazioaren aseguru-etxearen aurka jotzen badugu, dagokion administrazioarekin batera edo horien erantzule diren pertsona edo erakundeen aurka egiten dugunean (publiko edo pribatuen aurka).

Administrazioaren ondare-erantzukizunaren bidez (“responsabilidad patrimonial” deritzona, gazteleraz) lortu nahi den helburua, kalteak bere osotasunean erreparatzea da. Erantzukizun objektibo gisa konfiguratzen da, nahiz eta osasun-arloan jurisprudentziak erantzukizun objektibo hori lex artis irizpidearen bidez zehaztu duen, hau da, mediku-zerbitzuek horren arabera jokatu duten edo ez, aztertzen da (lex artis-a errespetatu den kasuan, ez litzateke kalte-ordainik emateko betebeharrik egongo).

Administrazioaren erantzukizun objektibo honen ezaugarri da zuzeneko erantzukizuna dela, hau da, osasun profesionalen jarduna egiaztatuko bada ere, administrazioa bera izango da kaltetuaren aurrean erantzungo duena (kalte-ordaina ordaintzen duen administrazioak akzio bat badu bere langileen aurrean, baldin eta dolo, erru edo zuhurtziagabekeria larriaz jardun badute).

Beraz, erreklamazioa beti kaltea eragin duen administrazioari zuzenduko zaio (baita bere asegurua etxeari zuzendu nahi bazaio ere). Eta erreklamazioa egiteko epea (preskripzio epea deiturikoa) urtebetekoa da, ondorioak sendatzen edo egonkortzen direnetik kontatzen hasita, baina zalantzarik izanez gero, hobe da erditze unetik hartzea, kaltea sortzen den unea izango bailitzateke, edo alta ematen den unetik. Gomendagarria da, dena den, zalantza kasuan lehenbailehen profesional bati kontsultatzea eta behar bezala aholkatuta egotea.

Demanda edo akzioari dagokionez, garrantzitsua da jakitea administrazioarekiko auzibidera jo aurretik, hau da, epaitegietara jo baina lehen, nahitaezkoa dela administrazio-bidea agortzea. Prozedura ofizioz (ez da ohikoa) edo alderdi batek eskatuta has daiteke, dagokion administrazioari erreklamazioa aurkeztuta (“administrazioaren aurretiazko erreklamazioa”). Administrazio bide honetan, abokatuaren edo prokuradorearen esku-hartzea beharrezkoa ez bada ere, komeni da hasieratik ondo aholkatuta egotea, emaitza baldintzatu dezaketen akats konponezinik ez egiteko.

Behin administrazio bidea agortutakoan, ezesteko ebazpen bidez, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa (demanda) jarri ahal izango da administrazioaren ondare-erantzukizunagatik. Fase horretan, beharrezkoa izango da arlo juridikoko profesionalek esku-hartzea (abokatua eta prokuradorea).

Kalte-ordainari dagokionez, aipatzekoa da zenbatekoa finkatzeko garaian, zirkulazio-baremora jo ohi dela, nahiz eta bere izaera orientagarria den eta ez den loteslea epailearentzat.

Azkenik, ezinbestekoa da adituen froga edo periziala aipatzea; izan ere, prozedura hauetan garrantzi berezia hartzen du peritu medikoen txostenak, osasun-profesionalen jarduna lex artis-aren araberakoa izan zen ala ez erabakitzeko oso baliagarria zaie epaileei.

 

Osasun Publikoaren eremuan edozein arduragabekeria edo negligentzia gertatuz gero, deskribatu den prozedura hau jarraituko da.

 


Zalantzarik izanez gero, kontsultatu gaitzazu. Eme Abokatuak, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, adituak gara Emakumeen eta haurren eskubideetan.

Harremanetan ipini